2011-04-04

12. pasartea

“Ikara sartu digute bihotzean”, esan zuen Anek, eta Ionek, umoretsu, angustia existentziala zutela esan zien, eta algaraka hasi zen, ozenki, eztanda egin baino lehen eztarrian trabatzen zitzaion algara zoro harekin. Baina ez zuen eztabaida saihesterik lortu.
Abel Osari guztiz gogoko baitzitzaion angustiaz hitz egitea. Zehaztasunez hitz egiten zuen, ongi ahoskatuz, hitz egokiak bilatzen saiatuz, arrunkeriarik gabe, baina aldi berean handikeriak saihesten zituen. “Angustia, burgesiak bere insolidaritateagatik ordaindu behar duen prezioa da”. Haren begiak belarrietara nahi zuten bi marra labur baino ez ziren. Zeiharrak, sortaldekoak. Iñaki Abaituari beti iruditu zitzaion miresgarria haien sortaldetasuna bere fede ideologikoarekin bat egiteko zuen modu egoki eta nabarmena.
Azti eta apaiz kasta guztiek eraiki duten sineskeria eta liturgia ilunpetsuengatik ez balitz, heriotza ikararik gabe, naturaltasunez onartuko litzatekeela. Guztiek ziruditen ados. Juliak ere, normalean iritzirik azaltzen ez zuen arren, “bai, ikara sartu digute bihotzean” esan zuen pare bat aldiz, txirikordatzen ari zen alfonbra gainetik burua altxatu gabe. Eta elizkizun beldurgarrien oroitzapenetara itzuli ziren, heriotzaren liturgian ezinbesteko ziren mezajantzi beltz, katafalko izugarri eta kandela luzeen argi espektralaren girora. Olioen usainaz mintzatu ziren berriro, intsentsuarenaz, kanpai hots geldi sakonaz, haien aginduz girotzen zen tristuraz, ezpain zimel zaharkituen murmurioaz, hitz mehatxatzaileez, Jainkoaren hiraz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario