2011-04-03

65. pasartea

Sesioari so zegoen irribarrez, erabat interesaturik, eta Iñaki Abaituari iruditu zitzaion berak hala nahi izanez gero, instant batean egin zezakeela bakea iskanbila hartan. “Menys cridar i més empènyer” zioen funerariakoak furgoitik irten gabe. Zapi batez kokotea eta buru soila igurzten zituen. Begi-bistakoa zen haren ezintasuna.
Eso, a ver si le empujáis de una puta vez.
Ortiz de Zarate apalki mintzatu zen, eskuak sakelatik atera gabe, eta Iñaki Abaitua bere atzean ezkutatu zen, instintiboki. Jendea, ordea, momentu batez begira geratu ondoren, furgoi atzean kokatuz joan zen, aldapa gora bultzatzeari ekiteko. Mahaia binbilika pasatu zen kupula urrekararen azpian, eta ondoren buruak beso luzatuen artean eta gorputz doblatuak osatzen zuten segizio harrigarria.
—Hori da guztia —esan zuen, artean irribarretsu—, gero kalera irten nintzen.
Kale bakarti bat gurutzatzen imajinatu zuen, bizkarrean mekanikoen begiradak geziak bailiran, haien alarma oihuak noiz entzungo zain.
—Eta orain?
Bi eztanda labur entzun ziren, eta ondoren motor zaharkituaren marruma.
Muga pasatzeko zain zegoela esan zion, eta horrexegatik —konturatuko zela uste zuen— zaintzen zuela ordua. Berriro ere hormaren kontra jarri zen, kokotsaz euliak harrapatzeko zinta zintzilikatuak seinalatzen zituela. Haren buru gainean kartel bat zegoen hormari txintxetaz josita. Emakume pameladun bat ageri zen belardi batean eserita, beso gurutzatuen artean, lore sorta bailitzan, eskopeta bati eusten ziola, eta oinetan zakur ehiztaria moldeko letrek osatzen zuten karratu gainean etzanda. Belarte y cía. Armas de fuego. Eibar. Spain. Iñaki Abaituak ez zion erreparatu. Beharbada, bere eskuinetik letrak ezabatuz irrista­tzen zen argitasunak galarazi ziolako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario