2011-04-04

23. pasartea

Bilkura haietan deseroso sentitu ohi zen. Hein batean, nork gonbidatzen zuen zehazki jakin gabe egon beharra ez zitzaiolako laket, eta, bestetik, arraro sentitzen zelako kutxakoak derrigorturik —”gure ordezkaria ere bazara” esan ohi zion ikustaldi bakoitzean— bazkaritarako jantzia zuen jaka gris gurutzatuarekin, araua tejanoak eta jertseak ziren giroan. Hori gutxi bailitzan, gela osoan ageri zen aulki bakarrean eserarazi zuten, gainerakoak lurrean almohadoi eta oihal indiar tankerakoez estaliriko koltxoi gainetan sakabanatzen zirelarik.
Bere ingurura begiratzen zuen, solasgaiaz interesatu gabe, zakur gonbidatu konplexua areagotzen sentitzen zuelarik, norbaiten begietan etxeko jabea zela adieraziko liokeen mespretxu mezua atzeman nahian. Baina Eduardo Ortiz de Zaratek bakarrik eutsi zion begiradari, eta erabat lotsagabeki eutsi ere.
Aurrez aurre egokitu zitzaion. Zango tolestatuak bi beso gurutzatuekin lotuz eta kokotsa belaun artean zuela zegoen hormaren kontra eserita. Berak bezala, hark ere inguruko jardun jarioaz desinteresaturik zirudien, eta zigarro bat bestearen ondoren ari zen erretzen, asegaitz, zigarro mutur bakoitzaz ondorengoa piztuz.
Begi-bistakoa iruditu zitzaion hura ere giroz kanpo zegoela eta, entretenitze aldera, besteengandik bereizten zuena bilatzeari ekin zion.
Erretzeko moduak antsietate nabarmena salatzen zuen, eta bizar hazten hasiak, berriz, ez zirudien aukera estetiko baten ondorio. Ez zen erraza, bestalde, maila sozial zehatz batean kokatzea; estudiante manerak bazituen ere, ez zitzaion behargin herritarraren kutsurik falta eta, orokorrean —zabarkeriatzat jotzea gehiegizkoa litzatekeelarik ere—, eskasian bizi direnen baldreskeria adierazten zuen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario