2011-04-03

58. pasartea

Gorrotagarri zitzaion barre hura. Zorion mugagabearen adierazgarri zelako, beharbada. Guztiak geratzen ziren Ionen gorputzaren astinaldi zitalei begira, azkenean, lehen algarak eztanda egiten zuenean, berak ere, kutsaturik, algaraz hasteko.
Azkenean, barre gorrotagarri hura ahitu zitzaionean, Iñaki Abaituak jakaren patrikak haztatu zituen zerbait aurkitu nahian zebilela adierazteko asmoz, alferrikakoa gertatu zitzaiola adierazten zuen keinu nabarmenegiaz.
“Tabakorik gabe geratu naiz” esan zuen, ozenegi beharbada, isiltasun luzeak ahotsa neurtzea eragotzi ziolako, edo, bat-bateko erabakiz, lehen ekinaldia irekitzen duen aktoreari gertatu ohi zaion bezala, doinuarentzat eredurik gabe geratu zelako, eta alboko norbaitek, besoa luzatuz, zigarro bat eskaini zionean, ez zen ausartu gorria erretzen zuela esaten.
Gela erdian zutik iraun zuen eta, hala ere, beraren presentziaz ahaztuta ziruditen. Galdua iruditu zitzaion tabakoaren aitzakiaz ihes egiteko aukera, baina ez zen eseri. Berriz ere, elkarrekin korapilatzen ziren jardunen hariak jaso zituen.
Ordukoan ere “horrek asko daki horretaz” esan zuen Ionek, edalontzi huts batez seinalatzen zuela. Erabat sine­tsita zirudien, eta zoriontsu, bere lagun batek asko zekiela esan zezakeelako.
Denak begira geratu zitzaizkion eta, alde egiteko esperantza guztiak bertan behera utziz, berriro ere esertzea zegokiola pentsatu zuen. Horixe egitera zihoan Eduardo Ortiz de Zaratek, bere ahots urratuaz, “banoa ni ere” esan zuenean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario