2011-04-03

50. pasartea

“Familia oneko neskak” esan du, “chicas de buena familia”, beren gastuetarako gehigarri bat ateratzeaz aparte beste behar premiazkorik ez luketenak. “Gaur bertan, pare bat aldiz hurreratu zaizkit Muntanerren”. Iñaki Abaitua zerbait esatera beharturik sentitu da, komentarioa egin duena zuzenean berari so mintzatu dela iruditu baitzaio, eta “¿dónde cae Muntaner?” esan du txantxetan, pikaroa izan nahi lukeen irribarrez, non dagoen ez dakiela egia bada ere.
Barre egin dute —kortesiaz, iruditu zaio—, batak besteari kutsatu dioten barre murritza, eta azkenean denak algaraka hasi dira; denak, neska ileluzea izan ezik: “ez dizut sinesten” esaten dio serio, begiak biribilduz, ezjakintasun maila benetan barkaezina irudituko balitzaio bezala, eta besteei isil daitezen eskatu ondoren, nola liteke, insistitzen du, Muntaner kalea ez ezagutzea, esan duen bezala Presidente hotelean ostatu hartuta badago. Eta bi eskuez airean kantoi baten bertikaltasuna irudikatuz, esplikatzen dio hain zuzen ere hoteleko sarrera nagusia Diagonal eta Muntanerren gurutzean dagoela.
Barruan metal urrekaraz apaindutako ate gorria duen klubaren kalea izan behar duela pentsatzen du. Galeria luze batean artisten argazkiak ageri dira, biluzik, sexuak karratu beltzez estalita. Sarritan, gauez, hotelean sartu baino lehen, han erre ohi zuen azken zigarroa, baina inoiz ere ez zen ate gorria gurutzatzen ausartu.
Es que soy mal viajero.

No hay comentarios:

Publicar un comentario