2011-04-04

24. pasartea

Ezaugarririk nabarmenena, ordea, eta Iñaki Abaituari interesa gehien pizten ziona, bekokia sudur gainetik ilearen erroetaraino gurutzatzen zion ebatondo zuria zen. Gerora ohartuko zenez —ez zen sekula ohituko higuingarria gertatzen zitzaion ikuspen hartara—, haserrealdietan kolorez aldatu ohi zitzaion, gorrimin ilun bihurtzeraino.
Zauri hura nola egin ote zuen galdetzen zion Iñaki Abaituak bere buruari, besteen jardunaz interesatzeko itxura egin bitartean, haren begiradarekin ez gurutzatzeko. Aukera askoren artean, liskar baten hipotesia hautatu zuen. Zauria zabalegia zen, nolanahi ere, labanaz egina izateko. Zilegi iruditu zitzaion horma baten kontra joz sudur gainean iltze bat sartu zuela suposatzea, eta gero, beharbada konorterik gabe erortzean, oso poliki, goma batetik zintzilik balego bezala irristatuz, bekokia behetik gora, zabalera osoan urratu zitzaiola.
Gerora jakingo zuenez, ez zen hala gertatu.
Nolanahi ere, pentsamendu haiek Ortiz de Zarate hobeto ikusteko irrika areagotu zioten. Zeharka begiratuz, beste zigarro bat pizten ikusi zuen, horretarako aurrekoaren puntaz baliatzen zelarik, eta bere hartan geratu zela, kokotsa belaunburuetan, ezpainik mugitu gabe, alboan zuen neskak “¿y tú qué opinas?” galdetu zionean ere. Berez, Ortiz de Zaratek ez zuen hitz egingo aurrerago Iñaki Abaituak berak, aulkitik altxatuz, kanpora joateko asmoa azaldu zien arte, eta orduan, “banoa ni ere” edo “zurekin noa ni ere” esateko hitz egin zuenean, haren ahotsa sakona eta urratua iruditu zitzaion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario