2011-04-03

72. pasartea

Ez zen horrenbesteraino, ordea. Iñaki Abaituaren gidatzeko erak ez du justifikatzen izaera edo pertsonalitate suizidaz hitz egitea, norbaitek, garrantzirik gabeko gertaldiren bat dela medio, hala egin badu ere. Tesi horren mesedetan besterik ezean erabili den argudio nagusia, haren liburutegian heriotzaren gaiak, eta bereziki suizidioarenak, betetzen duen leku neurriz gainekoa izan da.
Egia da haren liburutegiaren apaletan ez zirela falta, Kesselen Self Poisoning manual zehatz eta adierazgarriarekin batera, era batean edo bestean heriotzarekin —heriotza borondatezkoarekin— zerikusirik zuten tituluak. Edgar Morinen L’homme et la mort entseiu bikaina, adibidez, edo Philippe Arièsen gauza ez hain interesgarriak
L’homme devant la mort, L’homme et sa destinée...— eta beste zenbait: Tenentiren Il senso della morte, Davisen Pictures of death, Gayralen Prophylaxie du suicide. Eta Durkheimen obra oinarrizkoarekin batera, suizidioaren soziologiari buruzko lanik adierazgarrienak. Hain zuzen, haren apaletan gorderiko literaturaren azterketa azalezkoenak erakutsiko luke lan gehienek suizidioa fenomeno sozial mailan jorratzen dutela, eta salbuespenak direla —Rigautena eta besteren bat—, suizidioaren gorespentzat har daitezkeenak. Nolanahi ere, haren heriotzaren zentzua —edo hobe esan, zentzurik eza— zituen liburuen arabera epaitzea, liburuentzako eta ilustratuenganako mesfidantza tradiziozkoaren eragina ere bada, ziur asko.
Bestalde, hor zeuden atezainak eginiko adierazpen haiek, kazetariek arretaz jaso zituztenak. Berez, gizon hark esandakoa baino gehiago, esan zezakeen baina isil­tzera derrigorturik omen zegoenaren inguruko burutazioak izan baziren ere. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario