2011-04-03

86. pasartea

Kontakizunaren aurrean, fikzioaren eta egiaren artean bereizi ezina deserosoa gerta daiteke irakurlearentzat, bai baitaki pasarte batzuk —baina ez guztiak derrigorrez— hitzez hitz jasoak zirela, dokumentuetatik asko, eta bizi izan zituztenen ahotik mordoa.
Egileak ez zuen interesik izan historiaren nabarra —askorentzat engainagarria— erabat argitzen. Haren helburua, gertakizunak, edozein eratan gerta eta imajina zitezkeelarik ere, ikaragarriak izan zirela baieztatzea baitzen.
Nolanahi ere, edozein espantu da posible eta sinesgarri gorpu bat lokatzetan datzala onartuz gero. Inguratzen dutenen zirkulua estutu egiten dela, adibidez, eta handik irten den batek oin puntaz ukitzen duela saihetsetan, puntaz bakarrik, gorpua sentitzeko ikaraz bezala, higuinez beharbada. Baina azkenean, bota azpialdean sartu eta ahoz gora itzuliko du ostikoz.
Aurpegi lohitua. Uztaiturik geratzen da, handi eta astun, deseroso, eskuak bizkarrean loturik dituelako.
“Berrehun libra gutxienez”. Hori esan du besazpitik heldu eta lurretik altxatzen hasi den batek, eta barre egin dute beste batek “será el plomo” erantsi duenean. “A que no hasta el furgón”. Trabes egiten diote, ezetz bakarrik eraman ehunen bat metrora kamionetaren kaxan zain dagoen zerraldoraino, eta desafioa onartu duenak, besazpitik helduz, arrastaka darama, golde traketsa bailitzan, lokatzetan bi ildo paralelo irekitzen dituelarik inertziaren eraginez gorpuari zabaltzen zaizkion zango biez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario