2011-04-01

94. pasartea

Aurpegi zabalekoa zen. Eskuineko alderdia ardo koloreko angioma batez estalia zuen, eta goiko ezpainak handitua zirudien angiomaren eraginez, baina ez zion begirik ukitzen. Begi beltzak zituen, begirada sakonekoak, distiratsuak, ederrak.
Herritik irten arte ez zuten hitzik gurutzatu. Loiolako basilika bistaurrean zuten Eduardo Ortiz de Zaratek, bere buruarekin ari bailitzan, “babo alena” edo “babo galanta” esan zuenean. Segurtasun neurri beharrezkoei buruz aritu zen gero, Daniel Zabalegiren baldarkeria madarikatzen zuela. Iñaki Abaituak ere erabat argi zuen pertsonaia ilun hark bere aurpegia eta autoa ezagutzeak arriskua zekarkiola. Bazekien aurrerago bere eragin pertsonaletik kanpo zegoen hariren batek lotuko zuela ezezagun haren zoriarekin. Hala ere, segurtasun neurriei buruz esana arrazoizkotzat onartu behar zuen arren, Zigorren hitz egiteko modua iraingarria iruditu zitzaion.
Zeharrez dakusa: zigarroa ezpainetan zintzilik, begiak kearen eraginez erdi itxita, gabardinaren lepoa altxatua. Hoztasuna ez ezik, krudelkeria dakusa bere aurrean, mesfidati, trafikoa arretaz zaintzen duen aurpegi-soslaian. Baina haren eginkizunean bietatik beharko da pixka bat baino gehiago, pentsatzen du, heriotzari egunero aurrez aurre begiratu ahal izateko.
Gidatze lanaz ahaztuta, eskuinetara jotzen du, zakarki erabat, errepidetik irteteko zorian ia, moto bat saihesteko eginahalean. Eta Ortiz de Zarateri oina azpian ez duen balazta zapaltzera doakiola ikusteak, hura ere beldurretik libratzen ez dela egiaztatzeko aukera ematen dio.
—Kontuz, Nuvolari.
Aurreko bidea erakusten dio hatz batez, arretaz ibiltzeko agindu gisa. Beldurra zuen, eta beldurra gainditzeko ahalmena ere bai. Hori pentsatzen du Iñaki Abaituak gidatze lanean kontzentratzen delarik, eta horrek balio­tsuago egiten duela haren konpromisoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario