2011-04-03

87. pasartea

Arnasestuka, atzeraka doa kargatzailea, zamaren gainean makurtuta, gainerakoen animo hitzen artean, eta gorpuaren buruak ere atzerantz egiten du binbilika, begi irekiak azpikoz gora, arrastaka daramanaren aurpegia bilatuz temati, zerbaitez ohartarazi nahi bailuen. Eta besteak, karga eramanezina zaiolako, edo beharbada ezin duelako begirada finkoaren zorroztasunik jasan, lurrean uzten duenean, lokatzetan geratzen da, zango-zabalik, errendituriko mozkorrak kale bazterretan geratu ohi diren moduan, eskuinekotik luzatzen den ildoan metro batzuetara galdua eta lohitua datzan oinetakoa eskura diezaioten eskatuz seinalatuko balu bezala.
“Dendan zeuden hoberenak” esan zion amak kartzelara eraman zizkionean, eta esku batez puntatik eta besteaz takoitik hartzen zuen bat, emeki dendariaren zeinu profesionala imitatuz. Tristeak dira zapata lohitu eta abandonatu baten ikuskizunari kateatzen zaizkion irudiak: zapata, sarraski-hondakin natura hil baten platerean; Los pasos perdidos-en portada —”beso zapatos vacíos, sentado sobre cadáveres” esana utzi zuen Miguel Hernándezek— gerrako paisaia suntsituaren sinbolo hunkigarria.
Ez da erraza, harentzat, posible liratekeenen artean patu zehatz baten aukera egitea. Han datza agian oraindik haren zola, Gaztelako eremu galdu hartan, edo hiltzaileetako batek lurretik hartu eta, airean botata, zerraldo barnean kokatzea lortu bide zuen gainerakoen txalo artean, Daniel Zabalegiren bi zangoen artean. Gilotinatuei burua kokatzen zaien tokian, hain zuzen.
Hala gertatu bazen, A-ko kanposantuan, indarrean, haren zerraldo barrena kristalezko irekiduratik zehar usnatu zutenak ezin izan ziren ohartu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario