2011-04-03

55. pasartea

Ondarretako baranda zurian bermatuta, urteetako ausentzia jasan balute bezala, mendebalak zekarkien kresal zaporea arnastuz egokitu ziren itsasoari so. Soinez soin geratzeraino hurbildu zitzaion Albertori, haren beroa sentitu beharrez. Artean ere beldur ikara sentitzen zuela esan nahi zion, beldur ikaragarri hark, ur izoztuetan bailegoen, hezur junturak hozkatzen zizkiola, baina baranda zuriak zekarkion haurtzaroko oroitzapen hartaz mintzatu zitzaion. Bi eskuez barrote bertikalei heldurik, eta burua erdiko uztaitik sartuta, ez atzera ez aurrera geratu zenekoa. “Han, Nautiko parean”, esan zuen. Behean ur zurrunbiloa ikusita zorabiatu egiten bazen ere, ezinezkoa gertatzen zitzaiola atzera egitea, burua trabatzeko beldurrez.
—Buru ederra izango huen.
Ez zion esan oraindik ere, sarritan, lurrean belaunikatu eta burua uztaitik zehar sartzeko gogoa sentitu ohi zuela, baina ez zela ausartzen, zorabio bera eta angustia bera sentitzeko beldurrez.
Baietz aitortu zion, buruhandia zela, eta zintzoa. Eta hartan jarraitzen zuelakoan zegoela. Isilik iraun zuten gero. Presenteegi zituen komandantzian jasandako umiliazioak, eta lotsaturik gogoratu zuen bere ahuleziak eraginiko zirkin bakoitza: fitxarako argazkia egin zion argazkilariari eskainitako irribarre inozoa, eskua altxatuz “mira el pajarito” esan zionean; libre utzi zituztenean, atsegin gehiegizkoz goardia zibila agurtzera behartu zuen esker on kobardea. Eta oroitzapen haien harian etorri zitzaion gogora Ion eta Abelek egin zioten irribarre hura. “Fragata, beraz” esan zuen bietako batek, eta irribarre egin zioten, zertaz ari den ez dakiela, helduak imitatuz ausarkeriaren bat esan duen haur bati bezala. Errukiaren adierazpidea iruditzen zitzaion.

No hay comentarios:

Publicar un comentario