2011-04-04

5. pasartea

Horregatik, lotsa sentitu ohi zuen Ion, noizik behin badiara begira jarrita, lirikotasun adierazpen haiek egitera ausartzen zenean. “Nahi duan bezain konbentzional, baina ez egidak esan ederra ez denik” esan zion orduko hartan ere, eta zerua seinalatu zuen: “Ez egidak esan hortik iristen haizenean munduko parajerik ederrena iruditzen ez zaianik”.
Focker kaxkar batean ibili beharraren ikara baino ez zuela sentitzen erantzun zion, eta gero bere teoriaren azalpen luze eta aspergarria egingo zuen. Akuarelatik oliora dagoen aldeaz, alegia. Haserre bukatu ohi zuen.
Halakoetan, Abelek ez zuen eztabaidan parte hartzen. Baina paisaiaren edertasuna auzitan jartzea txobinismoaren kontrako ariketa onuragarria iruditzen zitzaiolako, interesaturik jarraitzen zuen Iñaki Abaituaren jarduna, noizbehinka baiezko zeinua egiten ziolarik.
Behin ez zen horrela gertatu.
Behin, Iñaki Abaitua, Juliaren fereken ihesi, haren ondotik altxatu eta leiho ondora hurbildu zen. Julia lurrean eseri ohi zen artilezko alfonbra zuriaren gainean. Bere ondoan nahi izaten zuen Iñaki Abaitua: bizkarra hartzen zion, berak berea besaulkiaren kontra bermatu ondoren, eta azazkal laburreko hatz gihartsuez ferekatzen zuen atzetik. Masajea ematea izaten zen aitzakia. Lepoa, besagainak, bizkarrezurra lantzen zizkion esku trebez, tentsioa deskorapilatu nahian. Baina haren gorputzean ibiltzeko aitzakia zen, besteen aurrean ustez ezkutuki ferekatzeko modua.

No hay comentarios:

Publicar un comentario