Lore kioskoan begiztaturiko Interfloraren iragarkia errepikatzea besterik ez zitzaion bururatu bera ere autoan sartu zenean. Susanak larrosa hartu eta ezpainetara eraman zuen, eta gero “ez zaizu atsegin aipa dezadan, ezta?” galdetu zion. “Sentitzen dut, niri ere ez zait atsegin hura engainatzea”.
Argudio ona iruditu zitzaion despedida azkar bat justifikatzeko. “Nahiago nuke horretaz hitz egingo ez bagenu” esan zuen, bere ahots sakon eta hanpatuenarekin. “Nahiago nuke, benetan diotsut”, eta bolantean jarri zituen bi eskuak, erabakiaren irmotasuna azpimarratuz. Alde egiteko borondate irmoa adierazi nahi zuen, noski.
—Ulertzen dut zer gertatzen zaizun —atea ireki zuen hura esatean—. Niri ere berdin gertatzen zait.
Atea itxi eta taxi ilararen burura bideratu zen. Hankak erabat ongi eginak zituela iruditu zitzaion Iñaki Abaituari urrutiratzen ikusi zuenean. Gero, konplikazio gehiagorik gabe alde egin ahal izateko, arriskugarria zela jakin arren, berak ere autotik ateratzea erabaki zuen.
Jadanik zutik zegoen kanpoan Susana taxi barnean sartu zenean, eta zutik iraun zuen kale erdian, esku bat besagain parean mugituz, despedida zeinu nekatu eta tristea osatzen zuela, lehenbiziko kantoian desagertu zenean ere.
“Izan zitekeena gogoan”, xuxurlatu zuen. Pozik eta arin sentitzen zen askatasun lortu berriak ematen duen pisugabetasun sentsazioarekin. Hiri mediterranearretan eguzkia errenditzear dagoenean loratzen den giro bizia dastatu zuen eta, askatasun berreskuratuaren ohorez, terraza haietako batean garagardo bat hartzea behintzat merezi zukeela pentsatu arren, azkenean, beti bezala, lehenbailehen etxeratzeko gogoa nagusitu zitzaion.
No hay comentarios:
Publicar un comentario