Ez da, beraz, bere borondatetik at dagoen ihes egiteko gogo eutsiezinari errenditzen zaion lehen aldia. Aitzakia izaten zen gutxienekoa. Susanak “erraza da zuretzat lotsati izatea” esaten dionean, adibidez, badaki alde egingo duela. “Ez da zuk uste bezain erraza, ez pentsa. Baditu bere ordainak”, erantzun zion. Erabakia zuen jadanik alde egitea, lehenbiziko gasolindegira ordu erdiren bat izango zuela pentsatuz, eta handik taxi bat eska zezakeela. Gainera, ziur zegoen atzetik jarraituko ziola autoz, soluzio hori komeni ote zitzaion ongi ez bazekien ere. Alde batetik frustragarria gertatuko zitzaion egiten ez bazuen, eta bestetik, gogoko zuen bere burua gau ilunean bide ezezagunetan zehar, oinez eta bakarrik, ikustea.
Ordulari japoniarrak orduren bat adierazi zion.
—Ez al duzue irratirik? —galdetu zuen ozenki, biak banatzen zituen urruntasuna areagotu nahian bezala. Ez, ez zuten. Diegok ez zuen irratirik nahi Salguèn, ez telebistarik, ezta telefonorik ere. Kontura zedila, ordularirik ere ez zuten. Diegok erabateko atsedena bilatzen zuen Salguèn, zibilizazioarekin lokarri oro hautsiz. “Deskonektatu”, esan zuen. Ba al zekien Mexikon bankuko lehendakaritza eskaini ziotela? Ez zekiela erantzutean nagitasun adierazpena azpimarratu nahi izan zuen. “Ez nekien, ez”. Eta pozten zela erantsi zuen gero. “Asko pozten naiz, benetan”.
—Oraindik ez dakizu zenbat pozten naizen —esan zuen Susana atean azaldu zenean. Haren aurpegiak asmoa igarri ziola adierazten zuen, eta besoek, hego hautsiak bezala airean zabalik, ihesa eragozteko ezina aitortzen zuten.
—Ez nuen aipatu behar, ezta?
No hay comentarios:
Publicar un comentario