2011-04-01

132. pasartea

—Ez duzu sinetsiko. Behin, nire gelako armairuan egitera heldu ginen, etxekoek gure bila sartu-irtenean zebiltzan bitartean. Azkenerako Diego bizioso hutsa bihurtu zen, eta beti zebilen atzemanak izateko arriskua zuten egoerak asmatzen. Niri ere gustatzen zitzaidan, alde batetik, nola esan, zirraragarria zen, baina berak ez zuen besterik buruan, non eta nola egin behar genuen. Horretaz hitz egiten pasatzen zuen denbora guztia. Eta azkenerako nazka bezalakoa hartu nion. Diegori, esan nahi dut —irribarre egin zuen—. Baina ez dizut galdetu ea ezer hartu nahi duzun.
—Ez, eskerrikasko.
Nolanahi ere, ez zen gauza handirik egongo, Diegok ez baitzuen alkoholik edaten. Ikusten zuen bakoitzean gainera salto egingo ziola iruditzen omen zitzaion.
—Higuingarri bihurtzen hasi zitzaidan —esan zuen—. Gero, zorionez, konpondu zen.
Berriro ere kale hutsen oroitzapena. Kale hutsak euripean. Urruti egoteak areagotzen duen larritasuna. Leihora inguratu zen eta kristalak bere buruaren irudi babesgabea erakutsi zion.
—Ez zaizu interesatzen.
Barrengo gelatik galdetu zion. Ez zekien zergatik, baina begi-bistakoa iruditu zitzaion ohe gainean etzanda zegoela. “Zer ez zait interesatzen?”. Susanak, duintasunez jantzi nahi izan zuen ahotsaz, “etxea ikustea, noski” erantzun zion, ea zer pentsatzen zuen.
Oinetakoak lurrean erortzearen hots nabarmena heldu zitzaion, eta somierrarena gero. Ohean etzanda zegoen, eta biluzik ziur asko. Ezetz esan zion, ez zuela interesik. Eta leihotik aldenduz bere ingurura begiratu zuen irrati baten bila, nola geldiarazi ez zekien digital japoniarraren txirrinak partea hastear zegoela adierazten baitzion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario