2011-04-01

131. pasartea

Txabola haiek arrantzaleek tresneria gordetzeko erabiltzen zituzten sotoak zirela esplikatu zion, legez ukitu ezin zirenak, eta Bartzelonako jendeak harria zulatuz handitu eta egokitutakoak.
—Lehen asteburu guztietan etortzen ginen —esan zuen, nostalgiarik gabe, itxuraz, baina segidan “badakizu? Diego hemen ezagutu nuen” erantsi zuen. “Bera han bizi zen” esaterakoan, leihorantz mugitzeko imintzioa egin zuen, eta ostera Iñaki Abaituarengana itzuliz, “baina ez dio axola, gainera hemendik ez da etxerik ikusten”.
Besaulki batean etzan zen, zangoak kuzkurtuz eta burua beso gainean ezarriz. Iñaki Abaituak zutik segitu nahi izan zuen.
—Uda hartan elkar ezagutu genuenean, geure onetik irtenda geunden. Noiznahi eta nonahi egiten genuen maitasuna. Ez zaitu molestatzen horretaz hitz egiten badut, ezta?
Iñaki Abaituak barre egin zuen, molestatzen ez zuela adierazteko.
—Hain bereziak zarete gizonezkook. Egia esan, ez nuen deus esateko asmorik.
Pausa labur bat egin zuen eta, ondoren, “hori, edozein lekutan egiten genuela”.
Zangoak destolestatu eta eseri egin zen. Oinutsik zegoen, eta behatzek perfekzio arraro bat zuten.
—Behin —etxe barrura ematen zuen atea erakutsiz—, hor, sukaldean egin genuen, nire gurasoak hemen zeudela. Amari entzuten nion “Susana non dabil?” esaten, eta “bi horiei ez zaie hor zehar nahi dutena egiten utzi behar”. Imajinatzen?
Zangoak besarkatuz besaulki gainera altxatu zituen berriro ere, eta gorputza makurtu zuen kokotsa belaunetan jartzeko, hizketan jarraitu baino lehen:

No hay comentarios:

Publicar un comentario