2011-04-01

130. pasartea

Gainerakoan, erabat garbizale azaldu ohi zuen bere burua, eta dama zahar bati legozkiokeen haserre plantak egiten zituen bere aurrean hitz desegokiak erabiltzen zirenean. “¡Dios mío, qué forma de hablar es esa!” esango zion biraoren bat botatzen bazuen, asaldatuarena eginez.
“Heldu gara” esan bazuen ere, oraindik pare bat kilometro egin zituzten pinu artean jira eta bira, harkaitzetan zintzilik zirudien zurezko txabola batera iritsi baino lehen.
—Hor da —premiarik gabe kokotsa altxatuz, etxe bakarra baitzen inguruetan. Artean maniobra zail bat egin behar izan zuen atzeraka, sastraka erdian aparkatzeko.
Itsas azala zilarrezkoa zen ilargipean.
—Zatoz.
Azeri berokia maleterotik ateratzen ikusi zuen. Haizeak kiribil-zurrunbiloak eragiten zizkion ile luze leunean, eta hotza sentitu zuen. Zakur baten orro tristeak gurutzatu zuen airea.
—Zatoz.
Ataritik, hurbiltzeko keinua egiten zion eskuaz. Bazekien sartu egingo zela, baina “banoa hemendik” esan zuen ahapeka. Gero, eskuak patriketan, astiro hasi zitzaion gerturatzen.
—Gustatzen al zaizu?
Baietz erantzun zion. Ikaragarri.
—Asko pozten naiz —eta eskua luzatu zion.
Barrenera sartu ziren. Kanpotik ikusten zen txabola aldea ez zen bere luzearen laurdena baino. Gainerakoa haitzean zulatuta zegoen. Kainaberazko altzariz apainduriko sala batean zeuden. Hormak ia erabat hutsik ageri ziren: Tàpies bat zen apaingarri bakarra. T okre handi bat, eta zenbaki txikiago batzuk beheko aldean, kolore berekoak, kartoi gainean pintatuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario