2011-04-01

129. pasartea

Baina hori guztia geroago izaten zen. Lehenbiziko zalantza, deserosoena, izaren kontra etzanda geratzen zen uneari zegokion. Ia sumatu ere egiten ez zuen zerbaiten eraginez —agian ahoa ez da hain gosetia, edo alderantziz, aseezina delako hozkatzen du burukoa— bazekien preludioari amaiera ematea zegokiola, eta izaretan etzanda geratzen zen, haren aginduen zain.
Eskua gidatzen uzten zion gero, hatz artean onarturiko pilula baginala desegin ez zedin zainduz, erakusleaz haren sakontasunaren bila bultzatuz, eta berriro ere esperoan geratzen zen, Susanak, zehar-begiratuka, ordularian neurtzen zuen denbora igaro zain, estalia izan nahi zuela adierazten zion arte.
Beste batzuetan belauniko jartzen ikusi ohi zuen. Zangoak gorputzaren alde banatara kokatzen zizkiolarik, bereen artean esertzen zitzaion eta, beti ere ergelkeria berdintsuak eginez, “nire panpinatxoa jantziko dut orain hoztu ez dadin” eta antzekoak esaten zituen, eta zakila kondoiaz estaltzen zion, bereganatu baino lehen.
Aldizka “zatoz, maite” esaten zion, “gaur ez dugu ezeren beharrik”, eta halakoetan ohe-jardunak, laburrak baina intentsoak, are bortitzak ere izaten ziren. Beste batzuetan, berriz, gertatzen zitzaion maitasunaren aitzin-jolasean luzaro jardun beharra, desira eutsiezina oinaze bihurtu eta gero ere.
Horrela izaten zenean, bazekien azkenean “gaur ezin dugu, maite” esango ziola, eta ohe erdirantz alderatzea zegokiola. Orduan, ahoaz jarduten zion, gogotsu, edo, gero eta zitalago ahoskatzen zituen hitz obszenoen bidez isurtzeko premiatuz —gehienetan sobera zakarki—, eskuaz masturbatzen zuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario