Ez zuen esan zer gustatuko zitzaion, eta berak ere ez zion galdetu nahi izan. Iristen ziren lekura iritsitakoan, geratu gabe, bakarrik itzultzeko erabakia hartu zuen. Non parole, un gesto. Esplikaziorik eman gabe itzuliko zen.
Errepidean kontzentraturik ikusi zuen, bolante gainean makurtuta, eta begira ari zitzaiola sumatzean, bekokian erortzen zitzaion adatsa belarri atzera eraman zuen.
—Zeri begira zaude?
Hoteletako geletan bizi izandako ohe saio luzeak zetozkion gogora. Maitasunik ez eta erakarmen aztarrenik gabe, gero eta gogaikarriago bihurtuz zihoazkion, film amerikarretako motelek babestu ohi duten sexu goibel eta ezkutukoaren oroitarazle. Gorputza anatomopatologoaren eskuetan abandonatzen zuelako sentsazioa, fluxu gehiegizkoaren likistasun mingotsa, mihi lodiegiaren laztasuna, gauza haien guztien oroitzapen zehatza.
—Esan, zeri begira zaude?
Ez zuen jakiten. Kontserjeriara deitu eta taxia edo hortzetako eskuila eskatzen zuen arte, ez zuen jakiten ordubetez geratuko zen, ala pare bat egunetarako sartuko zitzaion ohean. Handik irten gabe egon ohi zen, bainuko toailan bildua. Solasaldi luze eta lerdoak izaten zituen telefonoz —mikrofonoa estaliz, norekin ari zen esaten zion, zer pentsatuko zukeen bere ondoan zegoela jakingo balu—, edo labur eta zekenak, neskamearekin, etxeko lanen aginduak ematerakoan, eta txikikari txatxuek, berriz, ez zuten begirune faltsu bat ezkutatzen haurrekin jarduten zuenean.
Aldizka, beroak eta maitekorrak izaten ziren, bera ferekatzen zuen bitartean, Diegorekin mantentzen zituenak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario