Azkena zela eta bazihoazela esan zietenean gertatu zen. Munduko herri eta sexu menderatu guztien ohoretan, esan zuen Ionek, eta ordaindu ondoren alde egiteko zeudela, eskandalua sortu zen. “A ze nolako potroak izan behar dituzten ETAko mutikote hauek” esan zuen lehenbizi norbaitek, eta Barakaldokoari “Viva el País Vasco que es lo más grande de España” oihukatzea bururatu zitzaionean, ia ondoeza egin zitzaion Ioni. Bere onetik irtenda zirudien, bitsa ahoan, “maricón de mierda, español hijoputa” esaka, eta zakurra besoetatik kendu eta mostradorearen kontra jaurti zuen. Gero hanka egin behar izan zuten korrika, tabernako jende guztia marikoien defentsan atera eta mehatxuka inguratu zituztenean.
Hondartzan bukatu zuten. Zerua morea zen ostertzean, itsasoa arrotz zitzaien isiltasunean gordeta zegoen, eta azalean ez zen izarren ñirñirrik nabari. Hondarretan ahoz gora etzanda geratu ziren, indarrak ahituta, alkoholaren errea sabelean eta egusentiaren hezetasun hotza azal zimelduetan. “Mare mariconorum” oihukatu zuen Ionek, biriken indar guztiaz.
Eserlekua atzeratzeko palanka bilatuz, luze-luze etzan zen. Hondartza arre zegoen, eta belar mototsak ageri ziren han eta hemen, animalia zahar baten larru higatuko ile bakanen antzo.
—Udan bazatoz, itsasontzian ibiliko gara —esan zion Susanak, leihatilatik zehar seinalatuz— ikusiko duzu zein ederki.
—Eta orain nora goaz?
—Berehala iritsiko gara.
—Ez didazu erantzun.
—Leihatilatik ihes egin ez dezazun.
Eta pausa labur baten ondoren, “gustatuko zaizu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario