Duela hiru urte Axularren Gero, duela bi Mogelen Peru Abarca, iaz Jon Miranderen Haur besoetakoa eta aurten Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso. BILBO ZAHARRA euskaltegiko ikasle-irakasleok oso pozik gaude, eta harro, “Klasikoen irakurraldi etenik gabea” ekimena gero eta indar handiagoa hartzen ari delako eta, horrenbestez, pixkanaka-pixkanaka, geure helburua _klasikoen balioak eta gaurkotasuna aldarrikatzea, alegia_ betetzen ari garelako.
Zer irakurri erabakitzeko orduan, orain arte, ordena kronologikoaren irizpidea baliatu dugu. Hots, XVII. mendeko liburu batekin hasi, XVIII-XIX. mendeen arteko beste batekin segi, XX. mendearen erdira iritsi eta ia XXI. mendean bukatu dugu. Hiru jauzi izan dira, _bi, ehun eta hirurogei urtekoak, eta bat, berrogeita hamarrekoa_, euskal literaturaren historian barrena.
* Gero (1643)
* Peru Abarca (1802)
* Haur besoetakoa (1959)
* Hamaika pauso (1995)
Baliteke, orduan, XVI-XVII. mendera bueltatu eta berriz hastea; beste liburu batekin, noski. Baina, gerokoak geroko utzi, eta gatozen aurtengo irakurgaiaz hitz egitera; Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pausoz, alegia.
Egia da “klasikoa” hitz labaina dela eta ez dela erraza zein garai biltzen duen jakitea. Eta hala, ez litzateke harritzekoa norbaitek 1995ean argitaratutako nobela bat _Hamaika pausoren kasua, hain zuzen_ klasikotzat ez hartzea. Gu ez gara eztabaida horretan sartzen. Ramon Saizarbitoriaren liburua euskal literaturako mailarik gorenean dago eta merezi du gure ekimenaren ateak parez pare zabal diezazkiogun.
IKASTUNITATEA