Euria gogotik ari zuen, horretaz ere oso ongi oroitzen zen, Iñaki Abaitua erabat blai baitzegoen Daniel Zabalegiri buruz lan bat egiten ari zela esanez hurbildu zitzaionean, dutxatik irten berria iduri, eskuetan guardasola zeraman arren. Eta abenduaren hamarra izan behar zuen, zoritxarrez ur tanta bat irristatu baitzitzaion burutik behera, une hartan kopiatzen ziharduen 42ko kintakoen jaiotza liburuan azken anotazioaren izena erabat enborronatuz.
—Aquí seguimos haciendo las anotaciones a pluma, ¿sabe usted?
Daniel Zabalegiren jaiotza inskripzioa ikustea eskatu zuen, baina ezin izan zioten erakutsi. Ez zegoen han, berak oso ongi jakin behar zuen bezala, sumario osoan interesatu zuen dokumentu bakarra auzitegi hartatik ateratako nota labur hura baitzen: “Este Sr. no aparece como nacido en esta localidad. Es hijo NATURAL y habrá nacido en Fraisoro o en cualquier lugar de esos como Cizúrquil etc.”.
Begi-bistakoa da lanari utzita kuriositatez so dagozkion funtzionario haien artean, hamar urte lehenago ohar murritz hura letra larriak deslerrotzen zituen makina batean idatzi zuena ezagutu nahiko zuela. Jaiotza liburua eskatu zuenean, ordea, inork ez zuen dudan jarri han aurki zitekeenik. Alderantziz, bidezkotzat jo zuten berak epaitegi hartara eta ez beste inora jo izana, Daniel Zabalegi herritartzat zeukatelako, eta egunari zegokion liburua miatu ondoren, beste eginkizunik ez balute bezala, inguruko egunetakoak aztertzeari ekin zioten, dataz oker egon zitezkeelakoan. Beraz, idazkiaren egilea jubilaturik egon zitekeela pentsatu zuen, ez baitzen ulertzekoa zergatik ezkutatu behar zuen bazekiela egia, Daniel Zabalegi ez zegoela han inskribatua, alegia.
No hay comentarios:
Publicar un comentario