Eta lau firma, hiru irakurtezinak eta esku batek eginak, nabarmenki, eta laugarrena, berriz, Daniel Zabalegirena berarena, harrigarria dirudien idazkera tinkoz egina.
Iñaki Abaituak sarritan jarraituko zuen bere hatz erakusleaz esku trebe bati zegokion firma dotore haren arrastoa, momentu hura imajinatu nahian.
Hori ere ez zen zaila. Goardia zibilak eskaintzen dion boligrafoa —meheegia, ziur asko, bere eskuetan—; goardia zibilaren hitzak, “firma aquí”, “echa una firma”, “echa un autógrafo” apika, paperean hauts pinporta bat haizatzeko mugimendu mekanikoa, bi aldiz egina, paper bat izenpetzeak eskatzen duen arreta eta denbora hartuz nolanahi ere; patxada ere bai, esango litzateke, taxuaren dotorezia biribil, zehatzaren arabera: Daniel Zabalegui.
Ez dago beldurrak edo urduritasunak eraginiko dardarizoaren, ez beste inongo flakeziaren arrastorik; izatekotan, deituraren ortografia gaztelarra litzateke mendekotasun adierazpen bakarra. Eta hori ere ez. Ez kontzientea behintzat, Burgosko kartzelara igorri zuten arte ez baitzuen euskarazko ortografiaz idatziko.
Daniel Zabalegui sinatu zuen, beraz, kaligrafia argiz eta errubrika dotorez —marra biribila izen-deiturak inguratzen, beste bi marratxo laburrez gurutzatua—, eta gero sarjentuak, boligrafoa berreskuratuz, hiru zirriborro egin zituen, bat idazkariari zegokion lekuan, eta beste bi lekukoei zegokienean. Gero, “ale, vamos” esaten diote.
Aurrerantzean askotan esango diote “ale, vamos” .
No hay comentarios:
Publicar un comentario