Kafe ebakiari zegokiona nola eskatzen zen eztabaidatu zuten. “Café créme izena hain da egokia” erantsi zuen Susanak, “kafetxo bat esnegain tanta batekin adierazten baitu. Azken batean ez da kafesne arrunt bat baino”. “Eta urtsua gainera” erantsi zuen berak. Baina, hala ere, bi café créme eskatu zituzten. Isilik iraun zuten gero. Susanak lasai zirudien, pozik ia, ziur asko gozatu egiten zuelako bera esateko zuena esateko gauza ez zela ikusita. Baina azkenean, kamareroak mahai gainean bi kafesneak trufa banarekin utzi zituenean, “tira, bota ezazu” esan zuen, hori besterik ez, eta zerbait denbora luzeegian gordeta eduki denean gertatu ohi denez, ezin izan zuen neurtu hasiera. Funtsean, ordea, esan behar ziona esan zuen. Lagun bat Bartzelonara eraman zezan nahi zuela. “Guapoa al da?” galdetu zion. “Ez oso”. “Ba ze pena”. Eta isilune berri baten ondoren: “Ez zenuke istiluetan sartu behar, ez zaitez haurra izan”.
—Mesede bat besterik ez da.
Ez zuen esaldia amaitu, kamareroa inguratu baitzitzaien ea beste ezer nahi zuten galdetzera. Ezetz esan zioten. Hark urruntzekoa egin zuenean, Susanak ea gela librerik bazuten galdetu zion.
—Est ce que vous avez une chambre libre?
—Je pense, oui. Je vais vérifier, madame.
Eskutik hartu zuen Iñaki Abaitua, mahai gainean tarrapata urdurian ari zen eskutik. “No te preocupes, hombre, no voy a meterte en la cama; era para gastarte una broma.
No hay comentarios:
Publicar un comentario