2011-03-29

261. pasartea

Artean ez ziren bi aste izango errieta bera izan zutela.
Poliziak harrapatuko zion Al pueblo de Azcoitia izenburuturiko panfletoa ikusi zionean, hain zuzen. Betiko hitzak gurutzatu zituzten, baina Zabalegik erantzuna prestaturik zeukan ordukoan, betiko galdera egingo zionerako. Beraz, amak “zertarako habil txorakeria horiekin” lehenbizi, eta gero, ea zergatik ez zituzten partitzen idazteko lana hartzen zutenek itaundu zionean, berak, irribarretsu, “hara”, esan zion, “mundu guztiak ez du idazteko balio”, eta une labur baten ondoren, irribarrerik galdu gabe, “eta paperak banatzeko ere, ez du mundu guztiak balio”.
Lantegian eta soziedadean zabaltzen zituen, eta kosta egiten zitzaion sobran gelditzen zitzaizkionak erretzea. Gudari aldizkarian, EAJk Venezuelan biblia izeneko paper finean ateratzen zuen hartan —itxuraz, garraioa errazago egiteko—, irakurleari egiten zitzaion gomendio baten oroitzapenaren eraginez, esaten da Hamaika Pauso-n. “Irakurri eta zabaldu”, zen gomendioa, “bizitza asko jarri baitira arriskuan ale hau zure eskuetara hel dadin”.
Ez du zentzurik, ordea, gomendio hark, inkontzientean oso errotua egonda ere, neurri hartarainoko eragina izateak. Paperak, bota edo erre baino, goardia zibilek aurkitzea nahiago izateraino, alegia. Gainera, aski zuen ezkutatzearekin.
Baina ez zuen halakorik egin. Goardia zibilak noiz agertuko zain, ia hamar ordu eman bazituen ere, ez zuen lan hori hartu. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario