2011-03-29

260. pasartea

Hiltzeko aterako dutenean ere horixe, “ale, vamos”, eta ama oihuka hasiko da, “baina zer egin du nire semeak” esaka, bi, hiru aldiz eta gehiago, “Jesus, Jesus” aurpegia bi eskuen artean estaliz, eta gero, besoak atzera botaz, “baina zer egin du nire semeak”.
Kotoizko kamisoiz jantzita ageri da, artilezko lepaoihal beltza bizkarrean, eta haren gainean egunez trentza zabalez osaturiko mototsean bildu ohi duen adats grisa, elektrizaturik bezala zabaldua.
Daniel Zabalegi lotsatu egiten du oherako jite horrekin, eta alde egin dezan nahi luke. Baina ez du alde egiten, ezta goardia zibil batek, hura atetik kentzeko ahaleginean, besotik helduz “mejor se va a la cama” oihu egiten dionean ere. Eta atarian ikusiko du, esku batez ateari zabalik eutsiz, beste eskua bekokian, “banekien nik, bai, noizbait gertatuko zitzaiala, banekien nik” behin eta berriz errepikatzen.
Hori dioela iruditzen zaio, ezin entzun baitezake haren jardunik, negar-zotinek itotzen diotelako, eta gainera land roverren motorrak martxan jarri dira jada. Baina badaki hitz horiek edo antzekoak erabili dituela, nolanahi ere, “esaten nian nik, bai, zer gertatu behar zitzaian”, era hartako zerbait, “esaten nian nik”, gau-mahaiko kaxoian paper bat harrapatzen zion bakoitzean gauza bera errepikatzen baitzuen, egunen batean harrapatu egingo zutela, “harrapatu egingo haute, gizajo hori, txorakeria horietan ibiltzeagatik”. Eta berak zerbait erantzuten bazion, berehala isilarazten zekien, amorru sakon eta mutu batean hondoratzen zuen galderaz.
—Zergatik ez dituzte banatzen eskribitzen dituztenek?

No hay comentarios:

Publicar un comentario