2011-03-29

262. pasartea

Zilegi da pentsatzea ezen, heriotza batean nahastuta egotearen ardura gogoan, ez ziola garrantzirik eman gau-mahaiko kaxoian paper haiek edukitzeari. Izan ere, pentsatua baitzuen goardia zibilak atean agertu bezain laster, zer esan behar zien. Berak sartu zituela bi haiek Solanatarren etxean, arrantzaleak zirela esanda engainatuz, baina ez zekiela zertara ziren etorriak herrira. Gogoan zuen gauza bakarra, kirol poltsa urdin bat zeramatela. Handik egun batzuetara Solana etorri zitzaiola lantegira, poltsa hartan armak zeramatzatela esatera, eta berak mehatxu egin ziola, esanez zerbait kontatzen bazuen, berari edo bere sendiko norbaiti gauza larriren bat gertatuko zitzaiola. Bikotea, berriz, beste gizon baten bidez etorri zitzaion. Ez zekien haien izenik, ez non bizi ziren, ezta nongoak ziren ere. Gazteak ziren, normalak, ez luzeak ez motzak, ez iharrak ez gizenak. Eduardo Ortiz de Zarate Zigorri bekokia goitik behera gurutzatzen zion ebakidura morea eta ekarri zuen autoaren matrikula ahaztu behar zituen. Besterik ez.
Ahokada txikietan hartzen du arnasa, aire hotz hezeak birikak zulatzen dizkiolako sentsazioa ez izateko, eta harridura sentitu du, harrotasunarekin nahastuta, etxe aurrean arku zabal bat osatzen duten auto ugariak bera atxilotzeko mobilizatu direla ikusita.
Kolore guztietako fokuak ikusten ditu, argitasun zimela isurtzen duten horixkak, gaua aiztoak bailiran ebakitzen duten zuri biziak, gorriak eta urdinak itzulika, airean argitasun zipriztinak hedatzen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario