Gero, tonikak amaitu zitzaizkionean, gustuko ez izan arren, ginebra hutsa edanez jarraitu zuen, beste inoiz ez bezala, konortea galtzeko asmo zehatzez, eta azkenerako lortu zuen pentsatzeko ahalmena behintzat neurri batean moteltzea.
Erdi lotan, fantasia iheskor bat zetorkion hegaldari, tximeletak bezala, zehaztuz eta landuz joango zen fantasia bat. Eszenategia Fragako taberna hura zen, Bartzelonako bidean, atean plastikozko zinta koloretakoak errezel modura zituena. Behin, Susana eta biak bertan geratu ziren. Lehen solairutik nabarmena zen errepideko zarata, bereziki kamioiek aurrez aurre zegoen aldapan bigarren martxa sartzera beharturik ateratzen zuten hotsa.
Ortiz de Zarate, ohe gainean etzanda, biluzik. Eguzkiak ukitu gabea zirudien azal zuri-zuria, bilo oso beltzekiko kontrasteak zuriagotzen zuena. Eduardo Ortiz de Zarate ahoz gora etzanda, eta Susana ohe ertzean eserita, biluzik hura ere; kafesne koloreko azalean marraztua bailuen, bainujantziari zegokion zuria pubiseko mototsaren hiruki beltza inguratzen. Ohe ertzean eserita ikusten zuen, poltsa miatzen, espermizida eta bestelakoen bila, eta gero haiekin besteari gorputz osoa igurzten. Gauza koipetsuak, irristagarriak, urrin sarkorrekoak. Eta gorputz etzanaren gainean, zaldika, lizunkeriak ahomixkatuz lehenbizi, aurrerantz makurtuta, mihia ziztari, eskale; atzerantz etzanda gero, bi eskuak bular oparoen sostengu, gozamenean galdurik, aho-zabalik aieneka.
Irudi haiek, arrazoi ilun batengatik, erakargarri gertatzen zitzaizkion, ernagarri neurri batean; sobera minberak izan gabe, alderdi morbosoren bat kilikatzen ziotelako.
No hay comentarios:
Publicar un comentario