2011-03-30

244. pasartea

Eramango dut zure laguna, baina ez dizut gehiago lagunduko. Entzuten? Gehiago ez, eta gauza bat zin egin behar didazu, ez zarela istiluetan sartuko”. Zin egin zion, “ez naiz istiluetan sartuko”. “Baina benetan” insistitu zuen berak, “ez nauzu engainatuko”.
Mugan, harakoan bezala, itzultzerakoan ere ez zieten pasaporterik eskatu. Beti bezala, Susana berme ezin hobea zela pentsatu zuen bere burua lasaitzeko. Halaxe esan zion Eduardo Ortiz de Zarateri ere bidaia eskaini zionean, konbentzitzeko argudio modura, Susana kontroletan sekula geraraziko ez luketen pertsona horietakoa zela, alegia.
Bazirudien Susanari oinak ez zitzaizkiola pedaletara iristen, eta aurrerantz, bolante gainera makurturik gidatzen zuen, baina ondo eta azkar. “Noiz garraiatu behar dut zure lagun hori?” galdetu zion, eta Ortiz de Zaratek esandakoa erantzun zion, “gaur bertan izan behar du”. Eskakizun hura krudelkeria zen, eta lotsa sentitu zuen hain krudela izateagatik. “Ahalko duzu?”. “Ze tontakeria, joan den ilean Lausanaraino joan nintzen geratu gabe. Ahalko ez dut ba!”.
Agindu zion lekuan geratu zen, etxeko kantoian zegoen telefono kabinan. Handik dei egin, eta minutu gutxiren buruan Eduardo Ortiz de Zarate behean zegoen, Le coq sportif markako poltsa bat eskuan zeramala.
—Ba ez da guapoa, ez, zure laguna.
Eguzkitako betaurrekoak kendu eta zuzen begiratu zion, argiak iruditu zitzaizkion bere begi txiki haiekin. “Ez dizut beste mesederik gehiago egingo, gogoan hartu”, eta eskutik helduz, “ez zaitez tontakerietan sartu, edo hobe esan, espero dut honekin betiko irteten lagunduko dizudala”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario