Ez du, kinka larriagoan egonagatik, berak izan zuen flakeziarik, eta ez du irribarrearen keinua egiteko ezpainik kizkurtuko. Serio eta duin daki irauten. Are gehiago, aurpegi horrek erronkaren seinalea du betartean, ausardia erabakigarria kokots harroan, ezin ezkuta badezake ere oinazearen eta nekearen arrastoa begi beltz nobleen sakontasunean.
Daniel Zabalegik ederrik bazuen, begi ilunen sakontasuna zuen, ezbairik gabe. Inteligentziaren distira zerion, edo ironiarena behintzat. Agian ukitu pikaro bat ere bai, ezpain ertzen tolesdurak areagotzen ziona, baina guztira gizatasun noblearen argitasuna irakur zekiokeen begietan. Amak, heriotzaren lehenbiziko urtemugan Zeruko Argia-n egin zioten elkarrizketa batean, semea nolakoa zen galdetu ziotenean, Danielek oso begi ederrak zituela erantzungo zuen.
Ilea ere ederra zuen, leun kizkurtua, nahiz eta argazkian, uraren eraginez, lisoa, atzera zapaldua ageri. Argazkia kalitatekoa izan balitz, alkandora ere besagainetan bustia zuela atzemango zen. Eta bustia egoteaz aparte, badu zerbaitetan, aldizka egunkarietan azaltzen diren gorpu autopsiaren mahaian garbiturikoen tankera: sudurzuloen itzal gehiegizkoan, beharbada, edota ezpain handituetan. Arreta gehiago jarriz, ezpainak bezala handituta nabari diren betazaletan ere bai, akaso.
Sarraski garbitu bat. Sarraski baten ideia beste zerk gogoratzen dion jakin nahi du, Daniel Zabalegiren irudia heriotzarekin lehenbiziko aldiz lotzen duenean.
“Heriotzaren egiazko aurpegia ezabatzeko ahalegin alferrikakoek haren miseria areagotu baino ez dute egiten. Horregatik, patetikoago zen apika sarraski apainduen ikuskizuna, bide bazterreko lokatzetan abandonaturikoena baino”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario