Bi gazte haiek ez zituela ezagutzen, berak sartu zituela Atraskuan. Solanak ez zekiela ezer, eta andreak poltsa ireki zuenean mehatxuka behartu zuela isiltzera. Poltsaz oso ongi gogoratzen zen, nabarmena zelako; nabarmenegia, iruditu zitzaion berari, oilar zuria urdinaren gainean baitzeraman. Beraz, poltsa bai, ezagutuko luke berriz, ikusiz gero, baina bikotea ez daki, ziur asko ez.
Eta gauza bera esan zuen Donostiako komandantzian. Baita epailearen aurrean ere, hamabost egun geroago eraman zutenean. Artean orpoak handiturik zeuzkan, eta ezin ibil zitekeen pauso normalez ikaragarrizko oinazea sentitu gabe. Horregatik, hanka puntetan igo zituen epaitegiaren atzealdetik San Bartolome kaleko eskailerak, eta, neurri batean, eroso sentitu zen hango bulegoan eserita.
Sumarioan ageri denez, itaunketaren azken galderari —zerbait gehiago esatekorik baduen, alegia—, baietz erantzuten dio, zera esan nahi duela, Solanak ez zekiela ezer, berak eskatuta hartu zituela etxean gizon haiek, arrantzaleak zirelakoan. Hori izan zen hil arte egin zuen aitormen bakarra.
Hil arte ez zuen beste aitormenik egin. Sumarioaren gauzarik adierazgarriena da. Are adierazgarriago, agian, zein gutxitan ageri den Daniel Zabalegi bere sumarioan. Mundu guztiaren azalpenak ageri dira, xehetasunetan aberatsak gehienak, jardun luzeak, torturaren eragin ikaragarria ahaztuz gero ulergaitz gertatzen direnak.
Berak ez zuen deus esan, eta galdetu ere ez zioten asko galdetu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario