2011-03-30

242. pasartea

“Iharrago zaude” esan zion Susanak, eta, ohi zuen bezala, erantzunik itxaron gabe, “zer, gonbidatuko nauzu café créme horretara, ezta?” Gero, autoaren giltzak sudur aurrean zintzilik erakusten zizkiola, jota zegoela eta nahiago zuela berak gidatzea.
Iñaki Abaituari ez zitzaion laket gidatzea, eta are gutxiago inoren autoan. Bromak egiten zituen horrekin. Norberarenak ez ziren autoak gidatzeko ezintasuna monogamiaren adierazle omen zen. “Zaldi bateko zalduna naiz” esan zion, “gizon leiala”. Susanak eguzkitako betaurreko ikaragarri handi batzuk jarri zituen, lente biribilekoak, euli itxura ematen ziotenak. “Monogamoa, zeuk uste baino gehiago, ziur asko” erantzun zuen. Ez zuten asko hitz egin, eta batez ere ez zuten aipatu ere egin elkartu zituen gaia.
Gai bat isilpean gordetzen denean gertatu ohi den bezala, ez ziren gauza beste bati heltzeko. Hendaian Grand Caféko terrazan eseri ziren. Ez zekiten Unamuno ere ordu inguru hartan leku berean eseri ohi zela tutean egiteko.
Iñaki Abaituak ez zekien handik hilabete batzuetara alderdi hartan emango zituela arratsaldeak, bestaldera, Hondarribira so. Eliza eta alboan Juliaren etxea ikusi zituen, kaskoan, Susana “zoragarria da” esaten ari zen une berean. Lehenbiziko aldia zen Hendaian Julia zetorkiola gogora; bere buruari salan ote zegoen eta zertan ari ote zen galdetzen ziola.
—Hortaz, gonbidatuko nauzu café créme batera?
Bien sûr.

No hay comentarios:

Publicar un comentario