Denborak aurrera egin ahala, imajina gero eta zehatzago eta, aldi berean, urriagoen bidez lortu zuen bere fantasiak gauzatzea, eta zeru grisari eguerdian darion zilar distira leihoan islatzerako, estanpa bakar bat zuen gozabide: Eduardo Ortiz de Zarate jantzita, erabat jantzita, alkandora azken botoirano loturik, ohe ertzean eseria. Susana zutik, bainugelatik irtenda ziur asko, non braga eta sujetadorea izan ezik, gainerako jantziak utzi dituen. Bi eskuak bota ditu atzera, bularra ateraz, eta sujetadorea askatzen dihardu. “Oraindik arropak erantzi gabe?”, esaten dio.
Irudi horrekin zegoen, ohean etzanda, telefonoak jo zuenean. Ez zuen hiru aldiz baino gehiagotan jo, baina hartu zuenerako ez zegoen inor hariaren bestaldean. Zerbait gertatu zelako sentipena izan zuen. Ez zekien zer zen, ezta zer komeni zitzaion ere, baina h-aren fitxak jakaren patrikan sartuz, amarenerako bidea hartu zuen, kontuan hartu gabe, polizia atzetik bazebilkion, ez zela harritzekoa izango harenera joatea, artean paper guztietan helbide hura zuenez. Amak berak ohartarazi behar izan zuen xehetasun hartaz.
“Hobe Ingalaterrako erreginaren etxera joango bazina” esan zion ezkutuko mikrofonoz inguraturik bailegoen. Ordura arte sumatua ez zion umore-ukitua ere izan zitekeela pentsatuz, barre egin zuen, barre urduria, nolanahi ere.
Beldur zen mozkorturik zegoela igarriko ote zion. Berez, ez zuen bi hitz baino gehiago esan beharrik izan, amak ezkutaleku baten beharrean zebilela uler zezan. “Ez da ezer”, lasaitu nahi izan zuen badaezpada. Baina amak ez zirudien urduri, gogatsu eta harro baizik. “Okerrena, ordu hauetan etxean azalduz eman behar diogun sustoa”, esan zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario