Biharamunean izebak oso goiz ekarri zion egunkaria, mezetatik bueltan; amaren aginduz ziur asko. Hiru egun zeramatzan egunkaririk irakurri gabe, eta gogoz hartu zuen. El Diario Vasco zen. Daniel Zabalegiren argazkia eskuineko zutabean zetorren, “Detenido importante activista de ETA” titularraren ondoan. Bihotzak eztarrira salto egin zion, eta gero saltoka jarraitu zuen, zain hutsetara odola ponpatu ezinean.
Argazki txiki, ilun eta kalitate txarrekoari so geratu zitzaion, lehenbiziko batean aurpegi hark leihatila aurrean Bic metxero bat erakutsiz makurtu zitzaionarekin zerikusirik ez zuela adieraziko zioten zehaztasunak atzeman nahian. Ezin izan zuen, noski. Argazkia txarra izateaz gainera, garaiko sakongrabatuak dudazkoago egiten zuen, eta hamar zentimetrora hurbilduz puntu beltzez osaturiko hodei bat baino ez zen ikusgai, baina, nolanahi ere, Daniel Zabalegiren masailondoa nahikoa nabarmen ageri zen.
Lehenbiziko unean urduritasunez aztertu zuen argazkia. Ondotik, ordea, aurpegi hari zerion babesik eza zertan zetzan atzeman nahi izan zuen. Ile busti atzera orraztuan eta alkandoraren lepo azken botoirano lotuan, erabaki zuen. Baina erabaki hura subjektiboa zen, eta argazkian gauzatzen ziren seinaleen ondorio baino, tortura jasan ondorengo minutuetan ateratakoa izango zela jakite edo uste izatearena.
Erraz imajina zezakeen.
Nola orrazi bat bota dioten ile bainera-saioetan bustia orraz dezan, eta alkandora lotzeko agindu gero. Hatzen hozminduraz agindua betetzen gehiegi luzatu delako, goardia zibil batek burutu dio agian egitekoa, berak inoiz egingo ez zukeen bezala, azken botoiraino lotuz. Argazkilariak berak lotu dizkio agian botoiak, bere hatz nikotinatsuez, eta gero, airean kliskatuko dituen hatz horituez, “irribarretxoa txoritxoari” esan dio.
No hay comentarios:
Publicar un comentario