Halako batean, arduraduna izateko itxura zuen funtzionarioak, ukalondotik helduz, zoko batera eraman zuen.
—Egia esan —eta bere ingurura begiratu zuen, konfidentzialki ari zitzaiola adierazteko—, baliteke beste auzitegi batean egotea, zeren —jarraitu baino lehenago eztula eginez— jakinaren gainean egongo zara noski, lan bat egiten ari bazara, oso pertsona ona da ama noski, esan nahi dut horrek ez du zerikusirik, baina bueno —eztularen bitartez konfidenzialtasuna azpimarratuz—, solteratan izan zuen umea, jakingo duzunez, eta garai hartan, horrelakoak, umea egitera Tolosara eraman ohi zituzten, edo Villabonara, oker ez banago.
Euskara eta gaztelera nahasten zituen, bietako bat erabat ulertuko ote zion duda eginez bezala.
—El también era un buen chico, enfin, así es la vida.
—Horrela da, bai.
Auzitegitik irten ondoren, Daniel Zabalegiren auzorantz abiatu zen. Oinez egin zuen bidea, trafiko ugariak ibiltzea erabat deseroso bihurtzen bazuen ere. Lan irteera ordua zen, Daniel Zabalegi bere Derby gorrian, txapela bekainetaraino sartuta, paraje hartatik soziedaderako bidean pasatu ohi zen garaia. Mahoizko galtza eta nylonezko anorak beltzez jantzitako gizonak gurutzatu zituen. Berdinak ziruditen denek, aurpegiak makinaren koipez ilun, fabrikako hareak eta xaboi hautsak ezabatzen ez zuen olio beltzez kutsaturiko esku erraldoietan plastikozko kirol poltsa beren txikian barregarriak zeramatzatela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario