Beraren defentsa utzi beharko zuela esatera joan zitzaionean. Garmendiarekin auzi berean jarri zutenez, ezin zitzakeela defentsa biak hartu, eta arriskurik handienean zegoena aukeratu behar zuela. “Ondo iruditzen zaizu, ezta? Ulertzen duzu Garmendia zu baino arrisku handiagoan dagoela, ezta?”, eta, “zuk erabakitzen duzuna, ondo deritzat” izan zen erantzuna. Ez omen zuten askoz gehiago hitz egin.
Bandrések zioen ez zela hiztuna, “herriko mutil bat, motza” ez zegoela harekin gauza askotaz hitz egiterik.
—Ez gara gehiago ikusiko —eta hitz-totelka gero—, esan nahi dut abokatu bezala ezin ikusiko zaitudala gehiago.
Hark ez zion deus erantzun.
Gero agur esan zioten elkarri. Lokutoriotik irten bezain laster, ordea, baliozko luma bat ahazturik zihoala konturatu eta berriro haren bila sartu zenean, ikusi zuen Daniel Zabalegi ez zutela artean zeldetara eraman eta, burua beso gurutzatuetan gordeta, negar-zotinka zegoela. Lehen aldia omen zen hura bezalako gizon mardul bat negarrez ikusten zuela. Mahai gainean hedatutako masa handi bat, kolore biziko alkandora koadrozkoak erraldoitu egiten zuena. Baina bizkar boteretsua orri jausi bat bezala zegoen dardarka.
Bere presentziaz ohartzean, burua altxatu zuen, malkorik disimulatu gabe, eta orduan Bandrés bera ere negarrez hasi omen zen, eta horrela iraun zuten biek, bata bestearen aurrean negarrez, deus esan gabe, funtzionarioa atean agertu zen arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario