Hipotesi okerrenaz ez zuen pentsatu nahi, eta tartekoak asko ziren. Adibidez, Susana iritsia izan arren, amorrarazteagatik —eta horretarako ez zitzaion arrazoirik falta— ez zuen telefonoa hartzen, neskameari etxean ez zeudela erantzuteko aginduta. Eta hipotesi hoberenean bezala, neskamea berria izan zitekeen, eta hegoamerikarra, jakina.
Logika saioak ez zuen lasaitu, eta jarraian edan zituen hiru gin-tonicek ere ez. Alderantziz, urduri zegoela alkohola metabolizatzeak antsietatea ekarri zion. Hurrengo deia egiteko, bederatziak arte itxaron zuen, ordu hartarako Diego lanean egongo zelakoan. Erabat luzeak egin zitzaizkion bi ordu haiek. Deitu zuenean, ohiko neskameak hartu zion, nagusiak ez zeudela esanez, eta mesedez mezua uzteko, berek deituko ziotela eta. Ez zela garrantzizkoa esanda eseki zuen.
Egunkaririk erosteko ere ez zen jaitsi. Beste bi edo hiru aldiz deitu zuen, eta neskame berak hartu zionez, azkenean izena eta telefono zenbakia utzi zizkion. Eguna deus egin ahal izan gabe pasatu zuen, hiztegia zuzendu nahian, baina ozta-ozta lortu zuen fitxa pare bat burutzea. Azkeneko deialdietan ahots hegoamerikarra grabaturik atera zitzaion, Suñertarren egoitza zela, eta mezua uzteko eskatuz. Ez zen gauza gertakizun berri horrek adierazi nahi bide zuena pentsatzeko, eta, nolanahi ere, senarraren ordez erantzungailu automatikoa aterako zitzaiola jakiteak sarriago deitzeko aukera eman zion, eta sarriago deitzeak zertxobait lasaitu zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario