Hark bi eskuak jarri zituen, erdi irekitako kristalean gehiago jaitsi nahian bezala, eta berak erretrobisore ondoko argia piztu zuen. Ezpainak ilunak zituen, ilea gominaz orraztua, kiribildua atzean.
—Qué andamos.
Ahots neutroa, azenturik gabea, atsegina izan nahi zuena.
—Fuck you.
Atseginez erantzun zion, erdi barrez, begietara so.
Gizona nahasturik geratu zen. “Perdona”, murmuriatuz, “pero no hablo euskera”. Metalezko ikurrina baten distira zuen paparrean. “Hay que andar con cuidado, ya sabes cómo están las cosas”.
Bozgorailuak, itzulpen lana egingo bailuen, “badakizue” esan zuen, “zuek eta nik badakigu”. Iñaki Abaituak argia itzali eta arrankeari eman zion. “Anda, dime”. Ea, esan nola dauden gauzak. Martxa atzera eman eta kaikuduna aurrean ikusi zuen, eskuak bekokian bisera eginez, fokuen argitasunaz libratzeko bezala. Plaza abiada bizian inguratu eta errepidea hartu zuen. Airean gaztain erre usaina zegoen. Eguberri eta haurtzaro usaina, pentsatu zuen. Leihatila itxi, eta autoan zeraman zinta bakarra jarri zuen.
Abenduaren hamarra zen A-ko epaitegian ikusi zutenean. Idazkaritzako funtzionarioak oso ondo zuen gogoan nola agertu zen, liburuetatik 42ko kintakoen zerrenda ateratzen ari baitzen, urtero lehenbiziko hamabostaldiaren barnean egin ohi zuen bezala, bazkarirako deiak igortzeko. Berez, beti ari omen zitzaien lan hori egiten zuen azkeneko urtea zela esaka, baina ezinezkoa gertatzen zitzaion konpromisoa gainetik kentzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario