2011-03-29

255. pasartea

Behin idatzitakoa gogoratu zuen. Ildo berean, sakongrabatuaren puntu zuri-beltzez osaturiko laukian
—ordu luzez, ikaragarritasunaren geometria hotz eta zehatzaren bila, lupaz aztertuko zuen hartan—, ikaragarriena tortura disimulatzeko ahalegin narratsa gertatzen zitzaion, torturaren benetako miseria torturatzailearen inpunitatea delako.
Erretratu hartan zegoen kontakizun izango zuen guztia. Han zituen aurpegi margul handitua, eta ile bustia, alkandora gainera ura dariola. Orrazteko agindua. “Péinate. Atate la camisa”. Mekaniko-hatz belztuak, lodi, baldar, uzkur, ikarati, agindua bete ezinik. Goardia zibilarenak, berriz, meheak, horituak, azazkal luzekoak, alkandora azken botoiraino lotzen diotenak. klaskatu egingo ditu, “mira al pajarito” esaterakoan. Daniel Zabalegi hari so, tortura amaitu delako zoriontsu, bere seriotasunean duin, erronkari, kokotsa harro altxatuta.
Segundo batzuk baino ez zuen egin erretratuari so; nolanahi ere, kontatzeko behar dena baino gutxiago. Albistea osatzen zuen zutabea irakurri zuen gero. Funtsean, Daniel Zabalegi bere etxean atxilotu zutela zioen, eta Losada kaboaren hilketan parte hartzea leporatzen ziotela.
Bigarren aldiz arretatsuago irakurri ondoren, atxiloketa bezperan gertatu zela hartu zuen gogoan. Kazetaria idazten zuen egunaren bezperaz, hots, bezperaren bezperaz ari zitekeelarik ere, Daniel Zabalegiren atxiloketa bera izebaren etxean zegoela gertatu bide zen.
Pentsamendu horrek lasaitu egin zuen. Goizeko argiak betazalak ferekatzen zizkion, eta nonbait bi txoriren arteko elkarrizketa entzuten zuen. Ondo gordeta zegoenez, jadanik ez zitzaion hain ikaragarria iruditzen bere autoaren matrikula salatu izana.

No hay comentarios:

Publicar un comentario