Nola behin, oso txikia zela, amonarenean negar batean egon zen esne frijiturik jan nahi ez zuelako, legatz arrautzeztatua zelakoan. Platerkada jan behar izan zuen, gustua emateko. Gero etxea miatu zuen egunkari bila, baina, zirudienez, izeba ez zen prentsa irakurle. Amak ezjakintzat tratatu ohi zuen, amodiozko nobelak besterik irakurtzen ez zituelako. Ez zion egunkari falta adierazi nahi izan, ordea, ordu haietan bila irtetera ez behartzearren.
Bizpahiru aldiz deitu zuen Bartzelonara, baina erantzungailu automatikoa ateratzen zitzaion, hegoamerikar azentu gozo eta beroaz mezua uzteko eskatuz. Ez zuen halakorik egin.
Fitxak, izeba urruntzeko asmoz erabili zituen —”lanean utziko zaitut ba” esaten zion, paperak ateratzen zituenean mahaitik altxatuz—, eta ez lanean aurreratzeko asmorik zuelako.
“Zerbait azaltzeko edo frogatzeko abiapuntutzat hartzen den behin-behineko baiezpena, gerora egiaztatu behar dena” irakurri ondoren, jarraian “lan-hipotesia, hipotesi gisa aurkeztua, behin-behineko hipotesia, hipotesiak eta teoriak” idatzi zuen. Ondorenean, fitxak eta hitz zerrenda erkatu zituen, zeintzuk falta zitzaizkion jakiteko, eta lanak adimena suspertzeko eragina izan zuen, hartan ari zela konturatu baitzen norbaitek egon beharko zuela bere etxean telefono deiak zaintzeko, Susanak edo Eduardo Ortiz de Zaratek ez baitzuten nora deiturik harremanetan jarri nahi izanez gero.
Burutik kendu ezin zuen kezka horrek —biharamunean egun batzuk bere etxean pasatzeko eskatu beharko zion amari— eta eguna erdi lotan eman izanak esna eduki zuten gau osoan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario