Solana salbatzeko gogoa da gauzarik nabarmenena. Ez dago besterik. Hori bera esan zion Zabalegiren abokatuak Iñaki Abaituari, honek sumarioa eskatu zionean, “ez dago ezer interesatuko zaizunik”. Bigarren abokatuak, epaiketan aldeztuko zuenak; lehenbizikoa Bandrés izan baitzen.
Baina Bandrések haren defentsa utzi beharra izan zuen; izan ere, abokatu batek ez dauka sumario berean inkulpaturiko bi kasu batera eramaterik, eta Garmendia Apaolazari, garai hartan behintzat buruan jasotako tiroaren ondorioz serioski gutxituta zegoen arren, Losadaren hiltzaile zuzena izatea leporatzen ziotenez, ziurtzat jotzen zen heriotza zigorra emango ziotela. Bandrések kasurik errazena uztea erabaki zuen, beraz.
Bada abokatu aldaketa horri loturiko pasarte bat Hamaika Pauso-n, Bandrésen beraren ahotik jasoa bailitzan datorrena. Daniel Zabalegiren elizkizunez ari dela, itxuraz alkandora baten ikuskizunak dakarkio kontaera gogora.
Itxuraz, elizkizunen aurretik, edo ondoren beharbada, amari doluminak ematera hurbildu omen zitzaion etxera, eta sukaldeko zoru gainean, zoko batean erdi zabalik zegoen esku-poltsa batean —kartzelatik igorri zizkioten gauzekin, nonbait— alkandora koadrozko bat ageri omen zen, mendirako erabiltzen diren horietakoa. Azken aldiz ikusi zuenean soinean zeraman alkandora bera, esan zuen Bandrések. Azken aldiz hitz egin zutenean, zehatzago; izan ere, geroztik, epaiketan izan baitzuen ikusteko parada.
Eta noski, ikuskizun hark inoiz ahaztuko ez zuen egun haren oroitzapena ekarri zion gogora. Bere bizitzako egunik tristeena, esan zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario