Denbora pasatze aldera, hitz batzuen maiztasuna neurtzeari ekin zion, baina ordubeteren buruan deitzea erabaki zuen. Deitu eta hitz egin gabe esekitzea, Susanak uler zezan bere berri jaso nahi zuela. Pentsatu bezala egin zuen lehenengoan. Bigarrenean, norbait aterako zitzaion arte itxaroteko erabakia hartu eta arnasari eutsiz egon zen zain, amaigabeak egin zitzaizkion segundo batzuetan. Azkenean, emakume baten ahots lasaia atera zen, tinbre beroa zuena, eta hizkera hegoamerikarra. “¿Quién llama?” esan zuen, behin eta berriz, quién xaama, azentu gozo baten bustiduran irristatuz. Ez zirudien esnatu berria —bat-batean esnatua, alegia—, ezta urduria ere, eta harrigarria iritzi zion hari. Begi-bistakoa iruditu zitzaion Susanaren etxean ere egoera ez zela normala. Ordu haietan, normala, Susanak berak edo senarrak izuturik erantzutea zen, ez beste inork, eta ahots hura bulego dotore batean lan orduetan entzuten direnetakoa zen.
H letraren paketea atera zuen zuzenketak egiteko asmoz, eta inkontzienteki “hipotesi” hitza bilatu zuen —”zerbait azaltzeko edo frogatzeko abiapuntutzat hartzen den behin-behineko baiezpena”—, gertakizunak ulertzeko baliagarria izango zitzaionen bat aurkitu nahian bezala.
Hoberena, Susana Bartzelonara iritsia zela. Etxean, Diego zain egona bide zitzaion kalera irten nahi zuelako, eta ez zion deitzeko betarik eman, istant batean ere urrundu ez zitzaiolako. Diego goizeko ordu bietan ere aise irtengo zen etxetik oilasko hotza edo izokin ketua Morarenean jateko. Telefonoan atera zitzaiona neskame berri bat zen, noski.
No hay comentarios:
Publicar un comentario