Bandrés diputatuak esango zionez, gertaera hori —eszena intimoa izanik, norberarentzat gordetzen direnetakoa— hain zuzen ere Iñaki Abaituari kasu haren giza alderdia interesatzen zitzaiolako kontatu zion, eta Zabalegiren izaera ulertzen lagun ziezaiokeelako.
Bestalde, Iñaki Abaituak eginiko galderak zuhurrak iruditu zitzaizkion, eta inteligenteak ere bai. Aitortu behar zion, noski, historialaria ez zela jakin arren, biltzen ari zen informazioaren helburua serioagoa izatea espero izan zuela. Historikoagoa, alegia, fikzioarekin nahastu gabea, nahiz eta bera agertzen zen pasartea ongi girotua eta, zehaztasun batzuk gorabehera, gertatu zen bezala kontatua egon. Eta horrekin ez zuen esan nahi, noski, literatura serioa iruditzen ez zitzaionik.
Epaiketaren eta kondenaren alderdi tekniko eta politikoez arduratuta ikusi zuen. Justizia Militarreko kodearen fotokopiak berak eman zizkion bere bulegoan. Bigarren kapitulu osoa nahi zuen, 867. artikuluan “heriotza zigorraren exekuzioaz” izenburu duena.
Bandrések gogoan zuen Iñaki Abaitua gabardina gris batekin agertu zela, erabat bustita. Gogoan zuen hori, kodea eskuartean hartzerakoan ilean zehar irristatzen zitzaizkion ur tantek hondatuko ote zioten beldur izan zelako; eta gabardina grisa ere ez zen ahaztekoa. Txantxetan jardun zuten. Iñaki Abaitua ohartu bide zen hogeita hamarreko urteetakoa zirudien gabardina hark arreta hartzen ziola, umorezko aipamenen bat egin baitzuen bere buruaz, ekialdeko polizia bat zirudiela edo antzeko zerbait, eta oso jantzi aproposa zela itaunketak egiteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario