2011-03-29

257. pasartea

Beraz, egunkariek berria ematerako, bi egun zeramatzan jada Goardia Zibilaren komandantzian, eta egunik okerrena atxiloketarena izan zen, Iñaki Abaituak etxean Susanaren berrien zain eman zuena.
Ortiz de Zaratek gainetik kentzeko bidea eskaintzen dionean —”ikaraturik hago, ezta?”, galdetu zion—, une hartantxe, Daniel Zabalegik Brinkolako ezkutalekua utzi eta etxeratzea erabaki du; bere burua entregatzea, alegia, bai baitaki goardia zibilak atzetik dabilzkiola.
Errezili deitu zion telefonoz Brinkolako geralekutik, eta hark esan zion nola Solana eta emaztea harrapatu zituzten, eta haiei leporatzen zietela erru guztia. Hori omen zen goardia zibilak herriko denda eta taberna guztietan esaten ari zirena, Aliren harategian eta goiko tabernan bai gutxienez, baita Atraskuan bertan ere, “badakigu Solana eta emazteak ez dutela zerikusirik” esaten omen zuten, “baina berdin zaigu, muturbeltz hori azaltzen ez den bitartean, horiei botako diegu erru guztia”.
Horregatik, Daniel Zabalegik trena hartu zuen Brinkolan, Zumarragaraino, eta Zumarragan Zumaiakoa. Herrira iritsitakoan, lau txikito hartu zituen Goiko tabernan, Atanorenean, Presalden eta Alamedan, ia inorekin hitzik gurutzatu gabe. Kaixoren bat, aipamen murritzen bat eguraldiari buruz. Eta sukaldean eseri zen lezkazko aulkian, goardia zibilen zain.
Hamaika Pauso-n ez da itxaronaldi horri buruz xehetasun handirik ematen. Zigarro bat bestearen ondoren erretzen duela, beste askorik ez. Gaueko lehenbiziko orduetan amak, lorik hartu ezina adierazteko, “tira, gizona, ez al zoaz ohera?” esaten dio gelatik, baina berak sukaldean segitzen du zigarroa errez, Urtsulako argiari so. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario