2011-03-30

245. pasartea

“Bai” zeken bat erantzun zion. Ortiz de Zarate ondoan zuten jada, eguzkitako betaurrekoekin hura ere, eta bi eguneko bizarraz. Bekoki gainean ile izpi batzuk erortzen zitzaizkion, ebatondo morea nabarmendu baino egiten ez ziotela. Zigarroa ezpainetan, ahoaren bestaldera aldatu zuen mihiaren laguntzaz, eta libre zuen eskua altxatuz “hola” esan zien. Susanak martxan jarri zuen motorra. “Kasu egin, maite”. Ezpainek —zertxobait aurreratuta, negarrari eutsi nahian bezala— Güelleko eszena ekarri zioten gogora, neurriz gaineko hitz haiek erabili zituen egunekoak. “Te quiero tanto”. “Kasu egin” errepikatu zuen, betaurreko beltzak sudurrean irristatzen utziz, begi hezeen irribarrea eskaintzen ziolarik. Ortiz de Zaratek, autoaren atzetik pasatu eta masailean atximurkatu zuen sartu aurretik. “Ona izan”.
Nola urruntzen ziren begira geratu zen, neurri batean zoriontsu, libre sentitzen baitzen. Aldi berean, ordea, sentimendu ilun batek tristetzen zuen, iruditzen baitzitzaion ezen, autoa urrundu ahala, bere patuak ere kontrolpetik ihes egiten ziola. Atarian sartzeko itzultzera zihoala, Susanaren bmw goroldio-kolorea, zubiaren bestaldean jada, ezkerretara zakarki biratzen ikusi zuen, albotik zetorkion beste bat libratzeko. Hura ez zen seinale ona, pentsatu zuen.
Iritsitakoan deitzeko esan zion Susanari, bera, deia jaso bitartean, ez zela etxetik irtengo. Telefonotik urrundu gabe itxaron zuen, eta ordu bietan artean deiaren zain zegoen. Edozein hipotesitan, nonbait afaltzeko atsedenaldia hartuta ere, ordu hartarako iritsiak behar zutela iruditzen zitzaion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario