2011-03-29

256. pasartea

Bestalde, hura txarrenean jartzea zen. Akaso Daniel Zabalegik ez baitzuen matrikularik gogoan; ez matrikularik ez beste ezer. Berarentzat hain garrantzizkoa zen egun hartako esperientzia hura, eta horregatik hain gogoan zuena, harentzat hutsa izan bide zen, kontaktu bat gehiago, beste askoren artean.
Bera, berriz, zehaztasun guztiez akordatzen zen; nola, adibidez, Eduardo Ortiz de Zaratek “babo horrek matrikula gogoan hartzen ez badu behintzat” esan zuen, atzetik etorri zitzaielako. Nolanahi ere, handik segundo gutxira berriz ere ziurtzat jo zuen Daniel Zabalegik autoaren matrikula beharbada ez, baina marka eta modeloa behintzat bai, gogoan izango zituela. Eta ez zen gutxi. Bere aurpegia ere gogoratuko zuen noski, zentimetro gutxira gerturatu baitzen metxeroa eskaintzerakoan. “Balio dutenagatik baino gehiago” esatean.
Berriro ere argazkiari so, bere segurtasuna gorde nahi izateagatik torturarik jasan behar izan ote zuen jakin nahi luke. Zein neurritako esfortzua egin behar izan ote zuen hain zuzen ere bere autoaren matrikula edo marka eta modeloa isilik gordetzeko. Ez zuen inoiz jakingo.
Pentsatzen zuen bakoitzean, poztu egiten zen ezkutatzea erabaki zuelako. Bitartean, etxe barneko hotsak entzuten zituen: izebaren pauso leunak korridorean zehar, lapikoena sukaldetik, koilararena platerean, gatz puntua probatu ondoren uztean. Baltsamu gozagarri zitzaizkion belarrietan.
Nolanahi ere, ez zekien, hoberenean ere, ezkutatzeko erabakia alferrik hartua zuela. Daniel Zabalegi ez baitzuten bezperan, ez kazetariak oharra idatziriko egunaren bezperan —hots, bederatzian— atxilotu, zazpian baizik, edo zehatzago esan, zortziaren egusentian; goizeko lauretan hain zuzen. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario