Autoen atzeko ilunpetik, belauniko zeuden itzal beltzak agertzen hasten dira goardia zibil uniformeetan, paisanoz ere bai batzuk, eta inguratu egiten zaizkio, guztiek ukitu nahi balute bezala, eta joka hasiko zaizkiola pentsatzen badu ere, ez ditu besoak altxatzen burua babesteko.
Kapitain batek “a los coches” dioen arte. Orduan, bere inguruan osatzen duten zirkulua zabaldu egiten da, eta kapitaina bakarrik inguratzen zaio. Esku bakar batez
—bestean daraman pistolaren kanoia sabelaren kontra sakatzen baitio— gerrikoa kendu, airean bota, eta hori egindakoan “ya te tenemos” esaten dio.
—bestean daraman pistolaren kanoia sabelaren kontra sakatzen baitio— gerrikoa kendu, airean bota, eta hori egindakoan “ya te tenemos” esaten dio.
Daniel Zabalegik ia ezin die eutsi galtzei gerrian, eskuak esposatuta dauzkanez aurretik baino ez baitiezaieke heldu, eta jausi egiten zaizkio atzetik. Postura hartan, galtzak eror ez dakizkion hankak erdi zabalik, barregarri sentitzen da, batzuetan pailazoarena egin ondoren sentitu ohi zen bezala. “Danielito, egin mexikanoarena” edo, “egin toreroarena” esaten ziotenean, berak zapi korapiloduna buruan jarri, galtzen bernak belaunetaraino bildu, eta Ismaelengandik ikasia, toreroarena egiten baitzuen, edo mexikanoarena. Edo marikoiarena.
Hori esaten zuen bidaia osoan goardia zibilen sarjentuak, isildu gabe, “maricón de mierda”, A-tik Donostiara egingo zuen azkeneko bidaian, hamabost egunez arnasa hartzean hogei kiloko harri bat zuelako sentsazioa utzi zion pistolaren kulataz jo ondoren, baina hala eta guztiz ere hitzik eten gabe egin zuen deklarazioa koartelean, buruz ikasia bailuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario