Bere gela izandakoaren armairuan nahikoa jantzi zeukan egun batzuetarako. Poltsa batean sartzen zituen bitartean, amak betiko istorioa kontatu zion anaia atzerriratuaz. Armairu berberaren aurrean, maleta egiten ari zelarik, berak, bost urteko mutikoa orduan, ea azkar itzuli behar al zuen Ameriketatik, eta nola osabak baietz erantzun zion, eta etorritakoan armairua goxokiz beteko ziola, baina ez zen inoiz itzuli. Ez al zen osabaz gogoratzen?
Ez zen osabaz gogoratzen, baina bazekien haren gorpua Bidasoa ibaian agertu zela. Ama, momentu batez ezkutatu ondoren, kalerako jantzita azaldu zen ostera. “Ez duzu laguntzea pentsatuko”. Eskua sudur aurrean jarri eta, “tira” esanez, ate aldera egiteko zeinu erabakigarri hartaz erantzun zion. Ez zegoen gehiago esan beharrik. “Okerrena, eman behar diogun sustoa”, errepikatu zuen.
Telefonoa hartu, markatu, deiari segundo batzuetan eutsi, eta hitzik esan gabe eseki zuen. “Horrela behintzat esna harrapatuko dugu” esanez, eskuko poltsa hartu eta kalera bideratu zen. Iñaki Abaituak utzi egiten zion, neurri batean umiliaturik, pozik ere bai, pentsatu beharrik ez zuelako. Bi aldiz aldatu zuten taxia, eta bigarrena izebaren etxeko kale atzean geldiarazi zuten. Oinez, ama etengabe atzera begiraka, etxaldeari bira osoa eman behar izan zioten izebarenera iristeko.
—Ez dela bere itxuraz arduratzen, baina baietz bigudiz josita eduki burua —esan zion maltzurki.
No hay comentarios:
Publicar un comentario