2011-03-29

251. pasartea

Hala zen. Kolore desberdinetakoak zituen, eta txori itxura areagotzen zioten. Ez zuten ezer esan beharrik izan. Ama ahizpa nagusia zen, eta aski zuen “egun batzuk gelditu beharko din hemen” agintzea. “Ez hadi beldurtu”.
Kafea hartu eta eguna argitu arte jardun zuten solasean. Berriz ere, nola aita Ondarretako espetxean egon zen kontatu zion, eta nola berak koltxoiekin joaten ziren. Garbitzera ekartzen zituzten atorrak mugitu egiten zirela lurrean, zorriengatik. Berriz ere nola osabak, Ameriketatik itzulitakoan, armairua, bere gelako armairua, goxokiz beteko ziola agindu zion, baina ez zela inoiz itzuli, eta gorputzik ere ez zietela entregatu. Zazpiak aldera, mezetara zihoala esan zuen.
Izebak eskainitako gosari fundamentuzkoa hartu ondoren, oheratu egin zen. Lokamuts batzuk egin zituen tarteka. Izeba bizpahiru aldiz inguratu zitzaionean, lo planta egin zuen, eta hark guztietan, erabat ohituraz kontra, musu eman zion. Birritan amarekin hitz egiten sumatu zuen “lo beharra bazinan behintzat gizajoak”. Noizbehinka Eduardo Ortiz de Zarateren irudia etortzen zitzaion gogora, eta Susanarena, biluzik ohe ertzean eserita, eskuko poltsa txikian espermiziden bila; eta irudi horrek, plazer ematen ziolarik, bide batez samindu ere egiten zuen. Azkenean, ilunabarrerako, ohean desorduetan egoteagatik gaixorik zegoela sinesteko puntuan, altxatu egin zen.
Izebak jaki gustukoenak prestatu zizkion eta, berak gogo onez jaten zuen bitartean, bazkaltzeko biltzen ziren aldi guztietako kontakizuna kontatu zion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario