Desafioa onartu duenak besazpitik heldu eta arrastaka darama, golde trakets bat bezala, inertziaren poderioz zabaldu egiten diren zango biekin lokatzetan ildo paraleloak irekitzen dituela. Arnasestuka, atzeraka doa kargatzailea, kargaren gainean makurtuta, gainerakoen animo hitzen artean, eta gorpuaren buruak ere atzerantz egiten du binbilika, begi irekiak azpikoz gora, arrastaka daramanaren aurpegia bilatuz temati, zerbaitetaz ohartarazi nahi bailuen. Eta hark, karga eramanezina zaiolako —edo ezin duelako begirada tinkoaren zorroztasunik jasan, beharbada—, besazpitik askatu gabe lurrean uzten duenean, hanka-zabalik geratzen da lokatzetan, arloteek kale bazterretan ohi duten itxuraz, eskuineko zangoak utzitako ildoan metro batzuetara eta lohituta geratu den oinetakoa seinalatuko balu bezala, eskura diezaioten eskatuz.
Ia erabili gabeko oinetakoa lokatzetan abandonatuta. Haietako batek, Daniel Zabalegi zerraldoan zegoela jada, lurretik jaso eta barrura bota zuen, lanabes ahaztu bat lanabesen kutxara bota ohi den bezala. Zapatak airean parabola bat egin eta barrura sartu zen, eta zango artean geratu zitzaion, gilotinatutakoei burua kokatzen zaien lekuan hain zuzen.
Zapata zango artean zuela ehortzi bazuten, ez zen inor xehetasun hartaz jabetu, jendeak zerraldoaren kristalezko leihatilatik zehar baino ez baitzuen ikusi, eta hori A-ko kanposantuan gorpuaren zain zeudenetako batzuek gogor egin zutelako goiko tapa ken zezaten. Aurpegia desegina zuela esan zuten, eta handitua, ile beltza bekokian erantsita, izerditan bezala, edo kristaletik zehar bete-betean jasoko bailuen zeremonia triste hartara bildu zen udazkeneko eurijasa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario